Abenduak 15, 18.00
Heltzear da «Harri, Orri, Ar» mintegiaren amaiera eta ixteko ekitaldi bezala saio berezi bat antolatu dugu.
Idoia Montonekin hasiko gara eta Rekalde Aretoan ikusgai dagoen Zazpi leihoak izeneko bere erakusketa indibiduala bisitatuko dugu berarekin. Idoiaren aurkezpenak solasaldi/bisita/elkarrizketa formatua izango du, parte hartzera animatzen garen guztiokin batera.
Ondoren, Garazi Navas akordeoilariak kontzertu/hitzaldi/tailer bat emango du. Bere musika interpretazio-praktikan oinarritutako ikerkuntza izango du oinarri, tradizio-abangoardiaren arteko loturaren inguruan, akordeoiaren bidez.
Ekitaldi bakoitzak 45 minutu inguruko iraupena izango du.
Espero zaituztegu!
Idoia Montón Gorostegui
(Donostia, 1969) Gipuzkoako Elkarte Artistikoan hasi ondoren, laurogeiko hamarkadaren amaieran eta laurogeita hamarreko hamarkadaren hasieran, Artelekuko tailerretatik (Bonifacio Alonso eta Ángel Badosekin) eta EHUko Arte Ederretako Fakultatetik igaro zen. Orduan, Juana de Aizpuru edo Buades bezalako galerietan egin zituen erakusketak. Laurogeita hamarreko hamarkadaren erdialdean, bide pertsonal luze bati ekin zion, eta horrek ikerketa piktoriko bizi eta konprometitu batera eraman zuen, gero Javier Peñafiel eta Rosa Queralten eskutik Half-Housen berriz agertzeko, Un reflejo tangible (Bartzelona, 2012) erakusketarekin. Urruntze horretan ekoiztutako obra guztia eta bere itzulera Idoia Montón (Donostia, 2014) argitalpenean jasoko da. Hurrengo urteetako lan batzuk beste liburu batean agertzen dira, La guerra (La caníbal, Bartzelona 2020) izenekoan. 2019aren amaieran, Irakeko Kurdistanen egonaldia egin zuen beka batekin. Bere erakusketen artean: La kasa del carpintero insurgente, Galería Alegría (Madril, 2014); Lila, CarrerasMugica (Bilbo, 2015); La guerra, La Escocesa (Bartzelona, 2017); Aquellos, Galería Sis (Sabadell, 2017); Tallers compartits -kolektiboa-, Fundació Joan Miró (Bartzelona, 2021).
“Nire lana bizi naizen leku eta espazioekiko loturatik elikatzen da. Neure baitan zalantzan jartzen ditut niri interesatzen zaizkidan zirkunstantziak edo gertaerak, gauzekiko harreman zuzenaren bidez, gure egunerokotasuneko sinpleenak bezala uler genitzakeenak. Nire lanak nire sentitzea azaleratzen du eta, bere balizko gaitasun eraldatzailearekin, errealitatean eragiten saiatzen da.
Tailerrean ideia bat lantzen hasten naizenean, normalean collagea erabiltzen dut, berehala heltzeko aukera ematen baitit. Material ezberdinak harremanetan jartzeko aukera honek lan formala erraztu ere egiten dit. Material honen manipulazioan, definitu eta adierazi behar ditudan ideiak sartu ahala, edo sortzen doazen heinean, haien konbinaketaz eta komunztaduraz arduratzen naiz, osagai guztiak barneratzeaz eta pinturan zentzua ematen saiatzeaz. Koadroa, orduan, espazio ireki gisa agertzen da, non prozesua bera baita gobernatzen duena, prozesutik abiatzen baita txinparta, argiztapena, ustekabeko zentzuaren agerpena, errebelazio bat edo aurkikuntza adierazkorra. Ibilbide hau amaitzean, hau da, eraikuntzak aldaketa gehiagorik eskatzen ez duen unean, orduan bakarrik lortzen da azaltzen joan diren elementuek zentzu bat har dezaten, beren testuinguruarekiko harremanean.
Amaitutako lan bakoitza une baten lekukotza ere bada, bere sormen-prozesuaren denborarena eta argia eman zioten ideia, aurkikuntza eta esperientzia pilaketarena”.
***
Garazi Navas Mundiñano, akordeoilaria
(Usansolo, 1995) 2019an Musikako Goi-Mailako Ikasketak eta 2021ean Musika-Interpretazioko Irakaskuntza Artistikoen Masterra akordeoi espezialitatean bukatu zituen Musikenen, 2020an ere Euskal Musika Tradizionalean Graduondoko Espezializazio-Ikastaroa burutuz. Gaztea izan arren, proiektu ezberdin askotan parte hartu du musika garaikidea, klasikoa, tradizionala eta baita beste estilo batzuetakoa ere interpretatuz. Diziplina desberdinetako artistekin elkarlanean aritu ohi da, dantza, poesia, antzerkia edota instalazio artistikoak barne hartzen dituzten proiektuetan, bai bakarlari bezala bai taldeekin ere.
Euskadiko Ikasleen Orkestrako (EIO) akordeoilaria izan zen 2014an Madrilgo Monumental Antzokian, Donostiako Kursaalen, Bilboko Euskaldunan eta Zaragozako Auditorio Nazionalean egindako kontzertuetan. 2018an Musikeneko orkestrarekin bakarlari bezala aritu zen Donostiako Kursaalen ospatutako kontzertu batean Jon Maya dantzariaren zuzendaritza artistikoarekin, Kukai dantza-taldea, Andoni Egaña, Thierry Biscary eta Ainhoa Artetaren alboan. 2020. urtean Bilboko Orkestra Sinfonikoarekin bakarlari modura jo zuen Santurtziko Serantes aretoan eta Getxoko Muxikebarri antzokian ospatutako bi kontzertutan Iker Sánchez zuzendariaren gidaritzapean. Bizkaiko Foru Aldundiak 2018-2019, 2019-2020 eta 2020-2021 ikasturteetarako musika-beka eman zion eta 2020an Donostiako Orfeoia-Musikene Saria eman zioten bere ikasketa amaierako lanagatik.
Gaur egun, praktika musikalaren inguruko ikerketa artistikoan oinarritutako proiektu batean murgilduta dago, musika tradizionala eta garaikidearen arteko lotura akordeoiaren bitartez adierazteko helburuarekin. Bere iritziz, bi musika motek elkarren interpretazio-modua aberasteko gaitasun handia dute, bai alderdi tradizionala bai garaikidea oso garatuta dituen instrumentu baten bidez, akordeoia. Ikerketa hau ildo bezala hartuta kontzertu-hitzaldi ezberdinak ematen ari da, haien artean aipagarrienak Tabakalerako (Donostia) Arte Makina programaren barruan Oier Etxeberria komisarioak prestatutako Komunikazio-Inkomunikazio erakusketaren inguruan eskainitakoa eta zentro bereko zineman Mikel Laboaren Lekeitioak obren inguruko Zinema Belarrietara zikloaren barruan emandakoa.