"arte como investigación" mintegia.
Subjektuak ikerketa artistikoan duen lekua

Mintegi honen xedea praktika artistikoaren ikerketa-dimentsioa esploratzea da. Arteari buruzko ikerketen ekarpenen interesa aintzatetsi arren (hala artearen historiaren ikuspegitik nola azterlan kulturaletatik egiten direnak), mintegi honen ardatza ez da toki horietan egingo eta artearen praktikaren bidez egituratzen den ikerketan finkatuko da, subjektuaren (artista ikertzailea) ekintza-tokia hartuko du eta horren esperientzia plastikan eta/edo idazkeran bilakatzeko erak bilatuko ditu.

Mintegia ez da aldez aurretiko jakintza bat transmititzeko espazio moduan antolatu, guk geuk hori sortzeko egoeran kokatzekoa baino: testuak, objektuak, irudiak, keinuak, desioak… zirkulazioan jartzeko tokia, ekiterakoan eta pentsatzerakoan mugimenduak sortarazteko gauzak direnak, agian, ikerketa moduan ustezko arte-formak ekoitz ditzaten.

Mintegia laSIA (EHU/UPVko Arte Ederrak) ikerketa taldeak antolatu du Rekalde Aretoarekin lankidetzan eta batez ere artista eta Artean (eta antzekoetan) titulatuta dauden ikertzaileentzat da, eta baita doktoregaientzat ere, baldin eta horien tesietan ikerketa-prozesuan praktika artistikoa funtsezkoa bada.

Mintegia Rekalde Aretoan burutuko da datorren ikasturtean, 2017-2018 eta hileroko maiztasuna edukiko du. Egunak honako hauek izango dira: 2017ko urriak 31, azaroak 28, eta abenduak 19, eta 2018ko urtarrilak 30, otsailak 27, martxoak 20, apirilak 24, maiatzak 29 eta ekainak 12. Beti asteartez egingo da eta ordutegia hau izango da: 18:00-20:00 (9 saio izango dira, guztira 18 ordu).

Jarduera doakoa da. 15 plaza eskaintzen dira eta derrigorrezkoa da inskripzioa egitea, erantsi den formularioa betez eta 2017ko urriaren 10a aurretik salarekalde@bizkaia.eus helbidera igorrita, gaian SEMINARIO LASIA jarrita.