Web orri honek Subjektuaren egitekoa praktikan abiatutako arte ikerkuntzan izenpeko ikerketa proiektuan du jatorria. Euskal Herriko Unibertsitateak finantzatuta (EHU 16/40), arte praktikaren alde ikertzailea aztertzea du helburu. Subjektua, Ikerketa, Artea eta gaztelerako artikulu femenino singularrak osatzen dute ikerketa taldearen izena: laSIA.
Proiektu honek arte jarduera jakintza-esperientzia gisa nabarmentzen du. Hortaz, arte ikerkuntzak arte ekimena bera onartuko du bere prozesuaren baitan ezagutza ekoizle legez. Honako hau, azkenengo hamarkada honetako ikerkuntza eta arteari buruzko nazioarteko foroetan modu zabalean eztabaidatutako art as research (edota practice¬ based research) deritzon ildoan lerrokatzen da; arte ekoizpena bera da ikerkuntza era honen prozesuaren ezinbesteko ezaugarria. Ikerketa zientifikoen aldean, honako honetan baldintza eta oztopo agertzen zaigu subjektua. Honek behatzaile, ekoizle eta ezagutza igorletzat hartutako jarrera aztergai izango da.
Ikerkuntza modu hau argudiatzea da helburu nagusia, hau oinarri teorikoz hornitu eta dagozkion garapen praktikoak sendotzea. Horretarako, unibertsitatea baino zabalagoa den eremuan lan egitea jotzen dugu garrantzitsutzat, ikuspegi aberatsagoa izatea. Xede honekin, Bizkaiko Foru Aldundiko Kultur Saileko REKALDE ARETOArekiko elkarlana abiatu dugu. Bertan burutuko ditugu MINTEGIA, 2017-18 ikasturte bitartean, eta JARDUNALDIAK hurrengo urteko urtarrilaren 11 eta 12an.
Web orriak ekitaldi horien berri eman eta bertan sortutakoa bilduko du. Era berean, egungo arte ikerkuntzaren erronkan ekintza, gogoeta eta eztabaidarako gunea ere sortzen laguntzea espero dugu.
ZERO DOKUMENTUA ikusi: testuingurua eta lan ildoak
2016ko maiatzean landutako ikerketa proiektuaren atala, auziaren egoera eta izan daitezkeen lan ildoak aurkezten dituena.